Ondo pasatzeko, helduen eta haurren arteko harremanak estutzeko, haurrak bere barne mundua garatzeko, irudimena askatzeko, ahozkotasuna lantzeko, eguneroko zurrunbiloan eten bat egiteko… Ekintza sinplea da, baina zaindu beharrekoa.
Espazioa, denbora eta presentzia. Hiru elementu horiek premiazkoak dira. Eguneroko bizimoduko presak ordea ez du hori errazten. Berez sinplea dena konplikatu egin da. Helduaren eta haurraren arteko konexioa ahalbidetuko duen giroa sortzea oso zail bihurtu zaigu.
Isiltasun espazio bat, lasaia, hitzezko edo irudizko zaratarik gabea.
Denbora. Maitasunezko oparia den doako denbora eskaintzea.
Presentzia. Umearekin zu zeu benetan egotea. Bost zentzumenak erne berarentzat.
Teknologia berrien aroan, irakurtzeak gero eta garrantzi handiagoa du. Ipuina, haur literatura, barne bidaia egiteko tresna da. “Haurrak introspekziorako beharra du, eta zerbait kontatzen eta irakurtzen diogunean, buruarekin eta bihotzarekin bidaia bat egiten du. Horretarako norberaren barnera sartu behar da, fantasia, irudimena eta emozioen bidez. Norbere buruarekin eta sentimenduekin topo egiten du”. Haur literaturak hunkitu egin behar du, sentimenduetan eragin, gozarazi…errealitatean ulertzen ez diren egoerak, gatazkak… azaldu.
Helduontzat ipuin kontaketa egiteko modurik erosoena eta seguruena liburu bat izan daiteke. Hala ere, libururik gabeko kontaketak ere oso aproposak dira. Ipuina kontatu beharrean, helduaren garai bateko bizipen, istorio, ohitura edo pasadizo bat azaltzea oso aberasgarria da eta bere oinarri emozionala sortzeko lagungarri ere bai.
Eman diezaiegun bada maitasunezko tartetxoa gure txikiei eta emozionatu daitezela gure ondoan, inguratzen gaituzten hainbeste istorio ederrekin.
Iturria: Ipuinezko zilbor heste bat (Berria, 2019)
Pello Añorgaren (ipuin kontalaria) eta Juan Carlos Alonsoren (Psikologoa eta ipuinetan aditua) hitzetatik jasota.