Urtero egiten dugun moduan aurtengo ikasturtean ere Solidaritate Astea ospatu dugu. Otsailaren 22tik 26ra bitartean, #MunduaDuguEtxe lelopean maila guztietan ekintza ugari eginez ospatu dugu. Alboan-en SAIPE proiektuarekin eta Rio de Oro-rekin elkarlanean aritu gara.
Helburu amankomunak izan ditugu maila guztietan, baina ekintzak adinaren arabera egokitu ditugu, urteroko lez. Bi helburu nagusi izan ditugu aurtengoan, bata, gure etxearen zaintza berezia, ingurumenarekiko sentsibilitatea eta erantzukizuna areagotzeko. Bestea, adinaren arabera, mundu honetako hiritar gisa konpromiso aktiboagoa garatzea. Adibide batzuk jarraian:
Haur Hezkuntza
3 urtekoen gelan Bada leku bat umeei zuzendutako lekualdatze behartuari buruzko ipuin bat da eta istorioaren mamia pertsona guztiek tratu ona eta laguntza jasotzeko eskubidea daukatela da. Jorratzen diren gai nagusiak migrazioa, babesa eta balio solidarioetan oinarritutako hezkuntza dira.
Lehen Hezkuntza
LH-ko ikasleak Saipeko gutunak apaintzen aritu ziren, lantzen ari garen proiektuan hazi txikia erein dezaten.
DBH
Maila guztietan benetako istorioen bidez migrazioa eta errefuxiatua egoera bezalako gaiak landu zituzten. Baita Milurteko Garapen Helburuak ere.
Ikasleak ez ezik, hezitzaileak ere Solidaritate Astean murgilduta egon gara. Hala, asteazkenean Guztiona den Etxea lelopean klaustroa izan genuen. Arratsalde horretan erlaxaziora eta hausnarketara eraman gintuen otoitz bat elkarbanatu genuen. Honekin batera, gure inguru hurbil eta urrunean dauden errealitateenganako begirada zabaltzeko aukera izan genuen.
Gure mundu hau kontenplatzean, bertako hainbat eta hainbat kontrasteri erreparatuko diogu segur aski, eta konturatuko gara zein zaila den beraien aurrean kokatzea.
Ikusiko dugun bideoan… batzuk bakean beste batzuk gerran, batzuk negarrez eta beste batzuk barrez, batzuk osasuntsu eta beste batzuk gaixo, batzuk jaiotzen eta beste batzuk hiltzen…
Txikitatik esan digute Jainkoak mundua sortu zuela, argia, ura, lurra, landareak, animaliak, eta bere antzekoa egin zuen gizakia. Eta bedeinkatu. “Eta egin zuen guztia oso ona zela ikusi zuen Jainkoak” .
Den-dena doan eman digu. Baina gaur mundu honi begira jartzen garenean… urrunekoari eta hurbilekoari, seguru ohartuko gara ez dugula “gobernatu zuzen eta santuki”.
Kontenplazio honen ostean, normala da gogoeta pertsonalera eramaten gaituzten hainbat galderak gure barrua mugitzea. Nola hobetu errealitate hau? Zergatik ez digu Jainkoak plan bat marraztu desberdintasun guztiei irtenbide bat emateko? Jainkoak bere semea mundu honetara bidali zuen. Gutariko bat. Jesusek pobreengana jotzen zuen, gaixoengana. Ez zuen inor baztertzen. Jainkoaren langileak izateko prest gaude? Prest gaude mundu honen alde borrokatzeko? Duintasun handieneko arazoekin bat egitera gonbidatu gaitu Jesusek. Konpromisoa, handia nahiz txikia hartuz.
Konpromiso hitz horretan sakontzeko, eta otoitz giroan jarraituz, bi esperientzia entzun genituen. Alde batetik Sara Diegorena, Alboan-eko langilea eta VOLPA (Voluntariado Pedro Arrupe). Amazoniako triple fronteran egon zen boluntariotza programan. Tamalez, COVID-19 egoera dela eta, espero baino arinago Euskal Herrira bueltatu behar izan zuen. Hala ere eta berak esan bezala, Amazoniarekin daukan konpromisoa etxetik eta Alboanetik indar eta ilusio handiarekin jarraitu dezake.
Sararen testigantza entzun ondoren hurrengo ideia hau azpimarratu genuen:“Gure egunerokotasunean oso barneratuta daukagu birziklapena, berrerabiltzea eta murriztea, besteak beste, baina gaur egungo egoerak transformazio sakonagoa eskatzen digu. Benetako aldaketak ikusteko, gutariko bakoitzak ‘Denona den Etxea’-ren kontzeptua sinistu eta barneratu behar dugu.
Bestetik, Verónica Redondok, Durangoko Migrazio Teknikariak, gure inguru hurbilean dagoen migrazio errealitatera gerturatu gintuen. Gure herriko argazki orokorra aurkeztu ostean, gure ikastetxeak, Hezkuntza Elkarte bezala, nola egin eta eragin dezakeen azaldu eta konpartitu zigun. Berdintasunean oinarritutako harrera eta integrazioa hitz gakoak direla azpimarratu zigun eta horretarako ikastetxea espazio oso erabilgarria dela.
Bere hitzetan, hurrengo urteetan Durangon izango dugun erronka migratzaileen bigarren eta hirugarren belaunaldien benetako integrazioa izango da. Horretarako, “berdintasunean oinarritutako harrera eta integrazioa funtsezko kontzeptu eta jarrerak izan behar dira familiak ikastetxeko bizitzan integratzeko. Kontuan izan behar dugu familia migratzaileek zein oztopo dituzten, hauek abiapuntutzat hartzeko. Testuinguru horretan, eskola oso espazio erabilgarria da. Familia guztiek seme-alabentzako onena nahi dute eta eskolak hori eskaini ahal diela sentitzen dute.”
Bizitzea egokitu zaigun mundu honetan zein ekarpen egin dezakegu bertan eragiteko? Zein da gure jarrera? Modu aktiboan edo pasiboan jokatzen dugu?