Euskara, Gaztelera eta Zientziak arloak uztartuta, LH 3. mailako ikasleak Zuek sukaldari proiektuan buru-belarri aritu dira azken ebaluaketan zehar.
Prozesua, metodologia aktiboetan oinarrituta egon da, beti ere, ikaslea protagonista bilakatuz.
Diziplinarteko proiektu honetan, ohitura osasungarrien lanketa sakona egin dute gure ikasleek, eta, era berean, dieta orekatuaren garrantziaz jabetu dira.
Gaiari lotutako ekintza ugari egin ditugu ebaluaketan zehar: Ausolanen eskutik, ogia egiteko tailerra, elikabizia eta supermerkatu azoka; Ezagutu bizi proiektuaren barruan, gure geletako guraso diren Iñigo Kortabitarte (Kobika jatetxeko sukaldaria) eta Imanol Martin (Athletic Club-eko berregokitzaile fisikoa) profesionalekin ikasteko aukera izan dugu; eta gainera, gure herriko taberna desberdinek eskaintzen dituzten menu orekatuak ikertu ditugu. Hau guztia landuta, azken ekoizpen moduan menu orekatu eta osasungarriak eta sentimenduekin loturiko Emozioen Errezetak egin eta aurkeztu ditugu, gaztelaniako ikasgaiaren baitan.
Gai bera esparru ezberdinetatik lantzeari esker, kontzeptuak errazago barneratzen dituzte, eta elikadura jatea baino askoz gehiago dela ikusteko aukera dute.
Proiektuari amaiera emateko, ikasitako guztia taldeka landu eta aurkezpenak egin dituzte, eta gaiari emozio gehiago emateko lehiaketa formatua hartu dute aurkezpen horiek. Hala, gelakideen aurrean aurkezpenak egiteaz gain, 4. mailako ikasleak epaile lanak egin dituzte. Modu horretan, proiektua ikasgai ezberdinetan lantzeaz gain, beste maila bateko ikasleekin hartu-emana izan dute.
Azkenik, ekoizpen guztiak familia eta lagunei erakusteko aukera ere izan dute. Esperientzia ederra izan da guztiendako.